XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nola lor dezake poeta batek bere poesiak irentsi eta suntsi ez dezan?

Nola, sentimenduen bortiztasuna bortizkeria bihur ez dakion, boomerang demoniozko baten gisa?

Nola, azken batean, idatzi daiteke poesiarik, mintzoen mintzen itsasoan ito gabe?...

Erantzunak era eta hein askotakoak izan daitezke.

Poema bat, denik eta sinpleena izanda ere, pluridimentsionala baita beti (edo izari-aniztuna, Maixu Beltz-ak esango lukeenez).

Mikro-narrazioaren dimentsioa, esate baterako, hortxe dago beti, poemaren barruan, eta berori lantzean, nolabait urrun daiteke poeta, arian-arian, lirismo hutsaren Labe Garaitik eta larritasunaren galdatik, beraz.

Egituraketa ere hor dago, poemaren arkitektura, alegia:

amiantozko traje berezien premiarik ere ez duzu berorretan iharduteko; eta errima eta erritmo eufoniko bila ibiltzea ere ez da entretenimendu makala izaten. Baina ez ahaztu: ez gara geu hitzaren jabe, alderantziz baizik.

Poiesis jokoan sartze hutsak joko horren arauak onartzen direla esan nahi du, ez dago gero atzera egiterik: ulertzen?

Lehen genioen ez dagoela fondo/forma - edukia/azala eta gisa horretako dikotomia zaharrei eusterik.

Eta horrek ze ondorio dakar?

Ba, zera sinpleki: usterik gutxien duzunean beharbada, orduantxe hain zuzen linburtzen, iragazten, barrendatzen zaizula poemara zeure inkontzientea.

Ez baikara hitzaren jabe, haren maizter baizik.

Ustez artisautza hutsezko lanketa aseptikotan ari zarelakoan eta horra, derrepente, nondik eta nora ez dakizula, auskaloko noizko naufragiotako hondakinek egiten dizute jauzi paperaren edo macintosharen lerroetara.

Eta hala behar du, gainera.

Poema pasamoduko bat behinik-behin onduko badugu, geureneko fantasmak eskutxutik helduta paseatzera atera behar baititugu, ez dago beste erremediorik.

Eta orduan, ah orduan: han ziraden suak eta garrak, han ziraden kainonazuak...

Orduan, joan-etorriko bidaia egiten trebatu beharra duzu zeure burua, adiskide.

Mito orfikoa, alegia: infernuetarako jaitsiera kontrolatua, nolabait esanda.

Regresión reversible deitzen diote batzuek.

Zera, ikasi beharra dagoela maldan behera jaisten, baina baita gora berriz itzultzen ere.

Esaten erraza, eta egiten ez hainbeste, badakit; baina hor datza gakoa.

Eta hor, bai, hortxe, eta ez ideologiaren mailan nire ustez, jokatzen du benetako paper erabakiorra (...)